AURKEZPENA

Nafarroako Zerga Ogasuna (NZO) Nafarroako zerga sistema aplikatzeaz arduratzen den erakunde autonomoa da. Haren estatutuen 3. artikuluari jarraituz, NZOri dagokio “baliabide pertsonal, material eta tekniko guztiak behar bezala koordinatzea, tributuen kudeaketa eta bilketa zuzen eta eraginkorra lortze aldera. Izan ere, azken helburua zerga arloko araudia orokorrean zehatz-mehatz betetzea da, alde batera utzi gabe zergadunaren segurtasun juridikoa, eta araudi horrek sorrarazten duen zeharkako presio fiskala gutxituz”.

Jarraian aurkezten dugun “Nafarroako Zerga Ogasunaren Memoria. 2018. urtea” dokumentuaren xedea da informazio gardentasunaren printzipioa betetzea, eta Nafarroako Zerga Ogasunaren jarduera ezagutaraztea, hura ebaluatzeko eta hobetzeko bidea emate aldera.

Azken finean, memoria honen xedea da erakunde autonomoaren antolaketaren eta jardueraren berri ematea interesa duen pertsona edo erakunde orori: administrazioko langileei beraiei, laguntzaileei, ikerlariei, eragile sozialei, beste administrazio batzuei, erakunde publikoei eta abar.

Memorian, 2018. urteko jarduera nagusiak jasotzen dira.

Oro har, jardueraren datuak 2017koekin alderatu ahal izan dira, baldintza homogeneoetan. Horrenbestez, datu gehienetan bi ekitaldietako informazioa dago jasota, eta horrek aukera ematen digu datuon bilakaera ikusteko eta emaitzak alderatzeko.

Agindutako lanen ezaugarriak direla eta, zerga bilketaren zifra jotzen dugu gure jardueraren adierazle nagusitzat; dena den, jarduera jakin batzuen emaitzak ebaluatzeko, kasuan kasurako egokiagoak diren beste magnitude batzuk ere erabiltzen dira.

Ondorio horietarako, esan behar da Nafarroako Zerga Ogasunaren bilketa, 2018an, zenbateko likidotan, 3.482.953,6 mila eurokoa izan zela, 2017. urtean baino %5,42 gutxiago (memorian ikusiko dugun eran, ohiz kanpoko urtea izan zen bilketaren ikuspegitik). Beste alde batetik, zerga kontrolerako jardueraren 2018ko emaitzei dagokienez, 178.690,1 mila eurokoak izan ziren; %11,60ko igoera, aurreko urtearekin alderatuta.

Honako taula honetan jaso dira datu horiek:

 

1. taula. Zerga-bilketa likidoa eta zergak kontrolatzeko jardueraren emaitzak.