3.2.1.2 Zergen arloko arreta teknikoa Iruñeko bulegoan

2018an Laguntza Teknikoaren eta Entitate Laguntzaileen Ataleko langileek emandako arreten kopurua 20.220 izan da. Arreta gehienak PFEZari eta ondareari dagozkio (%36,40), eta horien atzetik daude BEZari dagozkionak (guztizkoaren %22,09). Oinordetza eta Dohaintzen gaineko eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergei buruzko arretak guztizkoaren %15,07 izan ziren, 2017ko ehunekoaren oso antzekoa (%15,02).

Arreta horietatik gehienak (19.634) Ogasuneko kudeatzaileek leihatiletan emandakoak izan ziren; gainerakoak (586) aurretiaz hitzordua hartuta eman zituen 130/2009 Foru Aginduak onetsitako Kanpoko Lankidetzarako Ituna sinatu duten entitateei arreta berezia ematen dien unitateak.

Arreta horiek guztira 16.732 pertsonak eskatu dituzte (16.245k leihatila orokorrean eta 487k aurretiazko hitzorduarekin entitate laguntzaileei), alegia, aurreko ekitaldian baino %4,17 zergadun gutxiagok.

Eguneko, batez beste, 68 zergaduni eman zitzaien arreta, nahiz eta hilen artean desberdintasunak egon: urtarrilean, adibidez, 88 pertsona artatu ziren, eta apirilean, 79; aldiz, udako hiletan, 62 eta 58 pertsona artatu ziren eguneko, batez beste, uztailean eta abuztuan, hurrenez hurren.

22. grafikoa. Zergen arloko aurrez aurreko arreta teknikoa. Arreta eman zaien pertsonek denboran izandako bilakaera

Itxarote eta arreta-denborak

Zergadunen %62,68k 15 minutu baino gutxiago itxaron behar izan zuen artatua izateko.

Urtean zehar, itxaron beharreko batez besteko denbora 14 minutu eta 37 segundo izan zen, iazkoa baino luzeagoa (11 minutu eta 53 segundo). Berriz ere, kontuan izan behar da pertsona ugarik gai bati baino gehiagori buruzko arreta eskatzen dutela; hori horrela, denbora gehiago behar da kontsultak behar bezala artatzeko, eta horrek hurrengo pertsonaren itxaron denbora luzatzea dakar.

Zergadun bakoitzarekin erabilitako denbora ez da 10 minutu baino gehiagokoa izan kasuen %66,14an. Denbora horren batez bestekoa 9 minutu eta 10 segundo izan da, aurreko urteetakoaren oso antzekoa.

23. taula. Aurrez aurreko arretak, kontzeptuen arabera

Guztira, emandako arreta-mota guztiak zenbatuta, urtean zehar 167.495 zergadun igaro dira Ezkirotz kaleko 16. zenbakian dagoen bulegotik; alegia, egunean 686 pertsona, batez beste.