2.4.5 Balio Erantsiaren gaineko Zergaren bidezko diru-sarreren bilakaera

2018n, BEZak zerga kontzeptu nagusia izateari utzi dio, diru bilketa likido orokorraren ikuspegitik, eta bigarren postura igaro da, guztizko likidoaren %33,9 delarik, 1.181.680,0 mila euroko zenbatekoz; hots, %12,7ko beherakada 2017. urtearekin alderatuta. Guztizko bilketan, %17,9 kudeaketa zuzenagatiko bilketa likidoa da; eta %82,1, Estatuarekiko zerga doikuntza.

  • Diru bilketak berak portaera ona izan du, aurreko urtearekin alderatuta %4,7 areagotu baita, 1.402.291,7 mila eurora iritsi da-eta. Dena den, berriro hartu behar dugu kontuan BIH ezarri izanak 11 hiletako kuotak sartzea eragin duela, ohiko 12 kuotak sartu beharrean.
  • Itzulketak nabarmen ugaritu dira, NFOk ETEen eta enpresan handien BEZaren kuota negatiboak itzultzeko batez besteko epea murrizteko hartutako eta betetako konpromisoagatik. Beste alde batetik, eragina izan du, baita ere, Nafarroako enpresen esportazioak nabarmen ugaritu izanak. Horrek guztiak ekarri du 1.190.529,3 mila euroko igoera; %36,1 gehiago aurreko urtearekin alderatuta.
  • Horrez gain, eragina izan du honek ere: enpresen zifra erlatiboarekin lotutako gatazka espedienteei dagokienez Estatuarekin egiten diren ohiko igorpenetan, 2018ko abenduan 43,7 milioi euro igorri ziren, eta, jarraian, 19,3 milioi euro jaso behar ziren, baina, azkenean, 2019ko urtarrilean jaso ziren.
  • Horregatik guztiagatik, kudeaketa zuzenagatiko bilketak, bilketa osoari urtean egindako itzulketak kenduta kalkulatzen denak, %54,8ko aldakuntza negatiboa izan du, 211.762,4 mila euroko zenbatekoz.<
  • BEZagatiko doikuntza fiskalak 2018ko behin-behineko likidazioaren zenbatekoa hartzen du, Batzorde Koordinatzaileak 2015-2019 bosturtekorako adostutako metodo berriari jarraikiz kalkulatutakoa; guztizkoa 969.917,6 mila eurokoa da, hots, %9,1eko igoera aurreko urtearekin alderatuta.