2.4.3 Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bidezko diru sarreren bilakaera

PFEZaren bidezko diru sarrerak 1.345.815,5 mila eurokoak izan dira, aurreko urtean baino %4,9 gehiago.

  • Laneko atxikipenak,1.217.856,6 mila euroko zenbatekoz, guztizko diru bilketa likidoko zerga kontzeptu nagusia dira: guztizko likidoaren %35,0. Aurreko urtearekin alderatuta, %3,4 hazi dira; hau da, 2017an baino 40.240,6 mila euro gehiago, nahiz eta, lehen esan dugun eran, hileko kuota bat gutxiago sartu den ekitaldi honetan. Bilakaera horrek lotura du egoera ekonomikoaren adierazleek erakusten dituzten lan merkatuko hobekuntzekin, eta, halaber, neurri txikiagoan bada ere, langile publikoen soldatan urtarrilaren 1etik atzeraeragina duela aplikatutako %1,5eko igoerarekin eta uztailaren 1etik aplikatutako %0,25eko igoera gehigarriarekin. Horrez gain, enpresen eta profesionalen ordainketa zatikatuetatik lortutako diru sarrerek dinamismo handia izaten jarraitzen dute; haien urterik urterako hazkundea %7,9koa izan da.
  • Kapitalaren errenten gaineko atxikipenek beherakada txikia izan dute, %0,5ekoa, aurreko urtean baino 462,9 mila euro gutxiago bildu baitira. Dena den, azpimarratu behar da 11 hiletako bilketa ari garela kontuan hartzen, azaroko kuotak 2019n islatu direlako.
  • PFEZren kuota diferentzialak 2017ko errenta kanpainaren emaitza islatzen du funtsean; horrek kuotak positiboak igotzea eta negatiboak jaistea ekarri du. Hori horrela, diru bilketa likidoa 2017an -25.165,9ko saldo negatiboa izatetik 2018an -5.399,3 mila euroko saldo negatiboa izatera pasa da; beraz, aurreko urtean baino 19.766,6 mila euro gehiago ekarri ditu, hots, %78,6 gehiago.