2.2 Diru-bilketa osoa

Nafarroako Zerga Ogasunak kudeatutako diru bilketa osoa 5.107.259,1 mila eurokoa izan zen; hots, 2017koa baino %3,0 handiagoa.

Taula honetan ikusten da zerga kontzeptuen araberako diru bilketa osoa:

12. taula. Zerga-bilketa osoa. Xehetasunak, zerga-figuren arabera.

Diru bilketa osoaren %40,4 zerga zuzenen bidez jaso da; %59,0, zeharkako zergetatik; eta %0,6, tasen eta beste diru sarrera batzuen bidez; 2017rekin alderatuta, handitu egin da zerga zuzenen garrantzi erlatiboa.

Diru bilketa oso horri dagokionez, esan behar da 2018ko urtarrilaren 1ean BEZaren Berehalako Informazio Hornidura (BIH) jarri zela abian; BEZaren erregistro liburuak NFOren zerbitzu telematikoen bidez kudeatzeko sistema bat da, eta, beste alderdi batzuen artean, zerga batzuen egutegi fiskalari eragin zion. Hori horrela, BIH sistemara atxikitako zergadunek epe luzeagoa izan dute BEZaren eta Laneko eta Kapitalaren Atxikipenen autolikidazioak aurkezteko. Horren ondorioz, zerga horiei dagokienez, azaroan sortutako kuoten bilketa 2019an egin da, urtean bertan egin beharrean. Gainera, 2017an Hitzarmen Ekonomikoaren Koordinazio Batzordeak adostutako doikuntza fiskalen behin betiko likidazioa sartu zen, ohiz kanpoko sarrera gisa. Horregatik guztiagatik, 2017. urtearekiko urte arteko alderaketek ez dituzte balio homogeneoak erakusten.

  • Aurten ere, osagai nagusia BEZaren kudeaketa zuzenagatiko bilketari dagokio; 1.402.291,7 mila eurokoa da (guztizkoaren %27,5) eta %4,7 areagotu da urtetik urterako alderaketan, 11 hiletako kuotak bakarrik sartu badira ere, urte arrunt batean sartzen diren 12 hiletako kuotak sartu beharrean.
  • Horren atzetik datoz laneko atxikipenak, 1.222.100,6 mila euroko zenbatekoz; guztizkoaren %23,9 da, eta, beraz, %3,4an hazi dira, BEZarekin gertatzen zen eran 11 hiletako kuotak bakarrik sartu badira ere.
  • Hirugarren tokian daude BEZaren eta Fabrikazio Zerga Bereziaren zeharkako ezarpenarengatiko doikuntzak; horien zenbatekoa 1.069.732,2 mila eurokoa izan da (guztizkoaren %21,0), baina %1,2ko beherakada txikia izan dute aurreko urtearekin alderatuta, 2017an egindako Hidrokarburoen zergaren ohiz kanpoko doikuntzaren likidazioaren ondorioz, batez ere.
  • Zerga berezien zuzeneko kudeaketagatiko diru sarrerek laugarren tokiari eutsi diote diru bilketa osoan duten garrantziari dagokionez; bilketa osoaren %8,7 dagokie, 444.726,4 mila euroko balioa izan baitute, 2017koaren oso antzekoa.
  • Diru bilketa osoarekiko garrantzi erlatibo txikiagoa izan badute ere, azpimarratzekoak dira honako hauek izandako igoerak: Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren gaineko Zergak izandakoa (%32,3ko igoera) eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergak izandakoa (%27,3koa); lehena zergadun garrantzitsu batek egoitza aldatu duelako gertatu da, eta bigarrena, 2018an indarrean jarri zelako 2017an onartutako tarifa aldaketa.