2.4.4 Sozietateen gaineko Zergaren bidezko diru-sarreren bilakaera

Sozietateen gaineko Zergaren bidezko diru bilketa orokorra %24,8 murriztu da lehen hurbilketa batean, 192.586,7 mila euroko zenbatekoz. Alabaina, murrizketa hori osagaien arabera aztertuz gero, ondorioztatzen da, baldintza homogeneotan, diru bilketa %3,0 igo dela. Kapitalaren errentaren gaineko atxikipenetan, PFEZekin gertatu den bezala, zerga egutegiaren aldaketaren eragina nabaritu da, eta, beraz, 11 hiletako kuotak bildu dira, 12 hiletakoak bildu beharrean. Bilketa %0,4 murriztea eragin du horrek.

SZren bilketaren osagai nagusia SZren kontura egindako ordainketak dira, zerga horren guztizko bilketaren %80,5 horrelakoa baita. 2018an, diru bilketa likidoak hazkunde nabaria izan du. Gainera, esan behar da, ekitaldi honetan, lehen aldiz, euskal araudiko enpresek ere ordainketak egin dituztela SZren kontura, eta orain arte ez zeudela behartuta.

SZren kuota diferentzialak izugarrizko murrizketa izan du zenbateko likidotan, %99,2koa hain zuzen ere. Izan ere, 2018. ekitaldian, 2016ko SZren kanpainari –urtarrilean– eta 2017ko SZren kanpainari –azarotik abendura bitarte– zegozkien kuota negatiboak itzuli dira, eta horrek eragin du goian aipatutako murrizketa, funtsean. Hori horrela, itzulketak 166.196,9 mila eurokoak izatera pasatu dira, 2017ko 92.455,7 mila euroen aldean. Zenbateko osotan, lehen hurbilketa batean, ondorioztatuko genuke zerga horren diru bilketa ere murriztu egin dela, aurten bildutako 166.857,8 mila euroak 2017an bildutako kopuru osoa baino 10.697,6 mila euro gutxiago baitira. Alabaina, 2017an, ZAEAtik zetozen konpentsazioagatiko diru sarrerak egon ziren, 23.340,0 mila euroko zenbatekoz, zifra erlatiboagatiko ikuskapen espedienteekin lotuta; aurten, ordea, zenbateko hori 3.116,0 mila eurokoa izan da. Hortaz, zenbateko homogeneotan, Sozietateen gaineko Zergaren bilketa %3,0 igo da.