5.1 Hitzarmen Ekonomikoa

Ekarpen ekonomikoa:

Nafarroako zerga eta finantza jarduera Hitzarmen Ekonomikoaren sistema bereziaren bitartez arautzen da. Sistema horren arabera, Nafarroak eskumena du bere zerga araubidea mantentzeko, ezartzeko eta arautzeko. Zerga horiekin lortzen dituen baliabideak bertako politikak finantzatzera bideratzen dira, baina, era berean, Estatuari ere urtean behin ekarpen bat egin behar dio bere gain hartzen ez dituen Estatuaren kargengatik, hau da, Foru Komunitateak berak gauzatzen ez dituen eskumenei dagozkienengatik.

Hitzarmen Ekonomikoarekin bat etorriz, Nafarroak urte horretako behin-behineko ekarpena lau epetan ordaindu behar du, eta, halaber, lehen hiruhilekoan, aurreko urteko behin betiko ekarpena likidatu behar du, eta administrazio baten edo bestearen alde sortzen diren diferentziak erregularizatu. 

2018ko behin-behineko ekarpena 2015eko oinarrizko urteko Ekarpenerako Hitzarmen Ekonomikoko 60.2 artikuluan araututako behin-behineko eguneratze indizea aplikatuz finkatu da. Modu horretan, Nafarroak 2018an ordaindu beharreko behin-behineko ekarpena 529.582,6 mila eurokoa izan da.

Bestalde, 2017ko behin betiko likidazioaren emaitzak Nafarroaren aldeko saldo positiboa eman du, ordaindutako behin-behineko ekarpenari dagokionez; saldoak 11.481,5 mila euroko zenbatekoa izan du, eta IV. kapituluko diru sarreren partidan kontabilizatu dira. Gogorarazi behar da 2017. urtean 2015. eta 2016. urteetako behin betiko likidazioari zegozkion ohiz kanpoko fluxuak likidatu zirela.

Zeharkako zergapetzeagatiko doikuntzak:

Hitzarmen Ekonomikoaren 65. artikuluak zeharkako zergapetzeagatiko doikuntza fiskalak ezartzen ditu, BEZaren eta Fabrikazioaren gaineko Zerga berezien bilketa hobetzeko, zerga horiek zuzenean kudeatzeko ezarrita dauden lotura puntuekin eta harmonizazio irizpideekin bat etorriz. Koordinazio Batzordearen eskumena da doikuntza horiek dagokien bosturtekoan eraginkor egiteko metodoak ezartzea.

2017ko behin-behineko likidazioari dagokion guztirako zenbatekoa 1.067.510,1 mila eurokoa izan da; horietatik, 1.017.119,7 mila euro BEZagatiko doikuntzari dagozkio, eta 50.390,4 mila euro, zerga bereziengatiko doikuntzari.

Horrez gain, 2018ko martxoan, 2017ko behin betiko zerga doikuntzak likidatu eta erregularizatu dira. Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren aldeko saldoa atera da, 45.214,5 mila eurokoa: 47.428,2 mila euroko zenbatekoa Estatuaren alde –BEZari eta alkoholari dagokiona–, eta 2.213,6 mila euroko zenbatekoa NZOren alde –garagardo, hidrokarburo eta tabakoagatik–.

Horrekin guztiarekin, Nafarroak 2018an jasotako zerga doikuntzen zenbatekoa 1.022.295,5 mila eurokoa izan da, hau da, 2017an jasotakoa baino 19.325,7 mila euro gehiago eta, beraz, %1,9ko gehikuntza. Hidrokarburoek eragindako doikuntzan ikusten den urtetik urterako aldakuntza negatiboa 2016ko abenduan likidatutako ohiz kanpoko fluxuen ondorioz gertatu da neurri handi batean.

Jarraian adierazten den koadroan jaso dira Hitzarmen Ekonomikoak eragindako finantza fluxuen zenbateko nagusiak. Zeharkako zergapetzeagatiko ekarpena eta doikuntza fiskalak.

71. taula. Hitzarmen Ekonomikoaren finantza fluxuak