2.4.7 Gainerako zergen bidezko diru-sarreren bilakaera

Gainerako zergen bidezko diru sarreren bilakaerari dagokionez, honako gertakari hauek dira aipagarrienak:

  • Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergak %85,2ko beherakada nabaria izan du, aurreko ekitaldietan bidegabeki egindako sarrerak itzultzen ari baitira.
  • Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren bilketa %35,1 igo da, 58.603,0 mila eurora arte, 2018tik aurrera eragina duten zerga aldaketen ondorioz, nagusiki.
  • Loterietako sarien eta apustuen gaineko karga %87,7 murriztu da, nagusiki, 2017ko Gabonetako loteriaren sariei esker lortutako diru sarreren modukorik ez delako egon aurten, aurten sariak ez baitira Nafarroan egokitu. Gainera, uztailaren 1etik aurrera igo egin da salbuesteko muga.
  • Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren gaineko Zergaren bidez bildutako zenbatekoak nabarmen egin du gora, %33,5 zehazki (2017an baino 9.439,2 mila euro gehiago), eta horren arrazoi nagusia da zergadun batek zergak ordaintzeko modua aldatzea eskatu duela.
  • Oinordetza eta Dohaintzen gaineko eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergek portaera ona izan dute, %18,2ko eta %111,1eko igoera izan baitute, hurrenez hurren; igoera horiek lotura estua dute jarduera ekonomikoarekin, oro har, eta higiezinen merkatuarekin, zehazki. Egintza Juridiko Dokumentatuei dagokienez, aurreko urtearekin alderaketa egitean, kontuan hartu behar da joan den urtean itzulketa handiak egin zirela bidegabeki egindako sarreren ondorioz.
  • 2018an aurrera jarraitu dute Hidrokarburoen Txikizkako Salmentaren gaineko Zergako “zentimo sanitario” deiturikoaren itzulketek, Europako Justizia Auzitegiak adierazi baitzuen, epai baten bidez, zerga hori Europako ordenamenduaren kontrakoa zela. Dena den, itzulketa horien zatirik handiena eginda dago dagoeneko.
  • Esan behar da, baita ere, Hondakinen gaineko Zerga berriak ere 624,3 mila euroko diru bilketa likidoa ekarri duela.
  • Zehapen fiskalen, berandutze interesen eta premiamendu errekarguen bidezko diru sarrerak 19.502,4 mila eurora iritsi dira; hau da, %11,5eko igoera 2017an kontzeptu beren pean bildutakoarekin alderatuz.