2.3 Itzulketak

Nafarroako Zerga Ogasunak 2018an itzulitako zenbatekoa, guztira, 1.624.305,5 mila eurokoa izan da; igoera nabarmena izan du 2017rekin alderatuta, %27,3koa zehazki, urte hartan 1.276.510,2 mila euro itzuli baitziren.

Taula honetan, zerga kontzeptuen araberako itzulketak jaso dira:

13. taula. Itzulketei dagokien zerga-bilketa. Xehetasunak, zerga-figuren arabera.

  • BEZaren kudeaketa zuzenagatiko itzulketak 1.190.529,3 mila eurokoak izan dira. Igoera nabarmena izan dute, %36,1ekoa, eta, beraz, garrantzi erlatiboari eutsi diote; egin diren itzulketa guztien %73,3 BEZaren kudeaketa zuzenagatikoa izan da. Igoera hori BEZaren kuota negatiboak itzultzeko batez besteko epea murrizteko hartutako eta betetako konpromisoagatik izan da batez ere, bai eta esportazioen portaera positiboagatik ere.

  • PFEZaren kuota diferentzialaren itzulketa gehienak 2017ko Errenta Kanpainari eta alargun pentsioaren aurrerapenei dagozkie, batik bat. Guztira, 195.661,1 mila eurokoa izan da horien zenbatekoa, guztizkoaren %12,1; aurreko urtearekin alderatuta, %0,5eko igoera izan dute.

  • Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentziala kanpainako kuota negatiboei dagokie batez ere. Azpimarratu behar da, 2018an, zergaren bi kanpaina itzuli direla. Urtarrilean, Sozietateen gaineko Zergaren 2016ko kanpainako kuotak itzuli ziren, eta azarotik abendura bitarte, 2017ko kanpainari zegozkionak. Diruzaintza oso egoera onean zegoelako egin ahal izan da hori. Hortaz, zerga horren itzulketak 166.196,9 mila eurokoak izan dira, urteko itzulketa guztien %10,2; aurreko urtearekin alderatuta, %79,8ko igoera izan dute.

  • Zeharkako zergengatiko doikuntza fiskalen likidazioagatik Estatuari egindako ordainketak 47.436,7 mila eurokoak izan dira; %40,2 murriztu dira aurreko urtearekin alderatuta. Murrizketa horren arrazoi nagusia 2015-2019 bosturtekorako zerga doikuntzak likidatzeko adostutako metodo berria da, memoria honen 5.1 Hitzarmen Ekonomikoa" atalean azaldu den eran.